Nontzeberri

Garuneko paralisiaz hitz egiteko aukera

Telmo Iruretak zuzendutako De Agua Y Arena (Urez Eta Hondarrez) film laburrean oinarritutako Interview, Urez eta Ondarrez pieza ikusteko aukera egongo da aste honetan, Gasteizko Felix Petite Ibáñez de Matauco Antzokian. Gaur berton, otsailak 25, 19:30ean  euskaraz izango da. Bihar ere bai, eskolako saioan, 11:00etan. Hurrengo bi egunetan gaztelaniazko bertsioa egingo du.

Mireia Gabilondo izan da lanaren zuzendaria, eta berak ohar hau idatzi du obraren harira: Amak, Isabel Uriak, idatzi zion eskutitz eder batetik abiatuta, gure Telmo Irureta maiteak De agua y arena izeneko film labur ederra zuzendu eta ekoitzi du. Garuneko paralisiaz hitz egiten du, nola eta noiz etorri zitzaion, familiak nola hartu zuen, eta berak nola egokitu behar izan duen inork imajinatzen ez zuen beste bizitza horretara.
Tentazioan film laburra ikusi genuen eta gustatu egin zitzaigun. Horrenbeste gustatu ere, gehiago jakin nahi izan genuela. Horregatik proposatu genion Telmori zuzeneko formatu ezohiko eta berezi bat ekoiztea Dorleta Urretabizkaiarekin batera, zeinetan, laburra ikusi ondoren ikusleek ere parte hartuko baitzuten interview baten bitartez eta elkarrizketatzaile hurbil eta konplize baten laguntzaz, protagonistari buruz gehiago jakiteko. Esan gabe geratu zitzaizkion gauza horiek guztiak konta diezazkigun, baita prozesua nolakoa izan den eta zer zailtasun eta poz ekarri dizkion ere. Eta berari buruz hitz egin diezagun, horixe baita gustatzen zaiguna. Orduak eta orduak emango genituzkeelako Telmori entzuten, hura sentitzen, bere barreaz eta umoreaz kutsatzen… azken batean, bizitza berak bizi duen bezala bizitzen ikasten. Eskerrik asko, Telmo!!

Exit mobile version