Nontzeberri

Garazi Kamiorentzat XIII. Igartza Saria

Aurkeztu diren hamahiru proiekturen artean Garazi Kamio izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Gerizpeko panpinak behin-behineko izena daukan ipuin-bildumaren egitasmoa irabazletzat jo dute Igor Estankona, Xabier Etxeberria eta Karmele Jaio epaimahaikideek.

Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza, eta irabazlea Garazi Kamio Anduaga izan da, Andoainen 1979an jaioa eta aurretik libururik kaleratu gabea. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da Kamio, Irakasle Eskolako ikaslea, eta Sautrela telesaioko erredaktore taldekoa. 2012 urte hasieran kaleratuko da liburua.

Egile gazteak hauxe esan du irabazle suertatu dela jakitean: "Igartzak beti izan du izena eta ospea. Noski, horrek atzetik dakarren erantzukizuna handia da. Beharbada lagunek eman dizkidaten bultzakaden azken akuilua dela ere esango nuke. Balorazioa guztiz positiboa da, betidanik egin nahi izan dudana, idaztea, Euskal Herrira zabaltzeko aukera izango dudalako. Igartza sariak horretarako aukera eman dit eta orain irakurleei zor diet lan eta esfortzu guztia."

Lanaren nondik norakoaz galdetzean, hona hemen erantzun fina: "Behin esan eta idatzi nuen bizitzan zehar ikasten dugun antzerki obra antzeztera ateratzen garela kalera. Alabaina, maiz antzezlan hori ahaztu egiten zaigu: urteetan zehar ikasi ditugun printzipioak, klixe moralak, eginbeharrak… ezerezean gelditzen dira. Orduan datozkigu izuak, beldurrak eta zalantzak. Ipuin desberdinetan kontatu nahi ditut, noizbait izan ditugun ideien aldaketak eta hauek dakartzaten ondorioak. Azken finean, edozeini gerta dakizkiokeen egoerak dira eta hori ere islatu nahi izan dut: eguneroko kontuak, zuri eta niri gerta dakizkigukeenak."

Elkar argitaletxeak bidalita

Exit mobile version