Bihar, hilak 25, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, 19:30etik aurrera, Garazi Arrularen Gu orduko hauek liburuaz solastatuko dira. Iban Zaldua idazlea da klubaren koordinatzaile.
Zortzi ipuinez osatua da Garazi Arrularen lehen liburua, eta azken ipuinak ematen dio izenburua obrari.
Hiru hitz, eta hiru kontzeptu edo ideia biltzen ditu liburuak: Gu pluraleko lehen pertsona da. Norbera parte den kolektiboa adierazten du, beraz. Atxikimendu sentimendu bat, eta, aldi berean, multzo horretan ez daudenekiko diferentzia. Ordukok distantzia dakar gogora, iragan den garaia; denborazko distantzia, nahitaez fisikoa, lekuzkoa ere badena. Hauek, berriz, erakusle hurbilena da; ingurukoak adierazten ditu, nahiz eta norbera ez den zaku horretako parte. Hirurak elkarrekin jarriz gero, multzo bakarrean, bereizketa horiek guztiak ikusgarri egiten dira.