Nontzeberri

Garabi: sentimenduak azaleratzeko grina

Zenbait poesia astetan; hala nola, Eskoriatzakoan eta Mikelazulo elkartearenean, Gazteizko Hala Bedi irratiaren jaian, Santurtzi, Larrabetzu, Deba, Donostia, Zarautz, Ordizi, Elgoibar, Gazteiz, Bergara, Lasarte, Oiartzun eta abarretan jo ostean, egiten ari diren ibilbideaz hausnarketa ttipi hau egin digute Garabi taldekoek.

Musika eta poesia uztartzen dute helburu zehatz batekin: “Entzuleari betikotasunetik ateratzeko helburuarekin hasi ginen Axier eta ni olerkiei gitarra-soinuez eginiko eskeleto bat eraikitzen. Azken finean olerkia eta musika elkar loturik joan dira historian zehar. Guk zubi horiek eraiki nahi genituen eta nik uste lortu dugula. Azkenean kantu bat osagai desberdinez eginiko emaitza artistiko bat da, entzuleari sentimendu jakin batzuk azaleraziko dizkion emaitza artistiko bat, eta guk garrantzia berezi bat eskaintzen diegu olerkiei, esan daiteke gure kantuen osagai garrantzitsuena direla.”

Emanaldi akustikoetatik salto bat egin du taldeak aurrera, “hasieran, bi soilik ginelarik, emanaldi guztiz akustikoak egiten genituen, orain ordea talde bezala osatu gara eta beste estilo batzuen ukitua jaso dugu, baliabide gehiago ditugu eta malguagoak gara.”
Eta formatuari gainera erreparatu gabe, izan ere, ez diote ezeri muzin egiten: “formatu txikian naiz handian jo dezakegu, hori bai lehendik esandako gure printzipioak ahaztu gabe. Izan ere olerkiak eta rock and rolla eskutik helduta ikustera ez gaude batere ohituak, hori da guk eskaintzen duguna.”

Testuek produkzio propioa dute, taldekideek beraiek sortzen baitituzte, gai asko jorratuz: “Errezitatzen eta kantatzen ditugun olerki guztiak guk eginak dira, gai desberdin askotakoak. Baina batez ere egunerokoak erakartzen nau idazterako orduan, Zarautz niretzat den pribilegiozko altare honetatik ikusten dudan guztiak. Horregatik gai sozialak zein maitasun olerkiak dira nagusi, nabarmena da inguruaren eragina bizitza bera ardatz harturik. Kubari buruzko pare bat olerki ditugu (ehun su, habana zaharra), nik hara eginiko bidaian idatziak eta afrikari buruz hitzegiten duen beste bat. Eta nola ez, maitasunak inspiraturik idatzitakoak”.

Eta jendearen harreraz galdetzean poztu dira, orain arte oso ona izan baita, eta gainera lagungarria. “Jendeak esandako guztiak gauza berriak sortzen laguntzen digu. Kontzertuetara etorri eta normalean ez dute halako emanaldirik espero,  harritu egiten dira, nik uste lehen esan bezala, orain arte kontzertu batean ezin  zirelako olerki errezitatuak eta rock and rolla batera imajinatu. Espero harrera halakoa izaten jarraitzea!”

Eta ilusioak? “Jada grabatu dugu maketa Zarauzko azkenportupe estudioan Mattin Epelde teknikariaren laguntzaz, eta udarako 1000 aleko tirada aterako dugu. Maketak 5 kantu eta bi olerki errezitatu izango ditu eta 2 eurotan salduko dugu.Horixe gure ilusioa”

Etorkizunean kantu berriak sortzen ibiliko dira, kontzertuak jotzen disfrutatzen eta ahal bada maketa guztiak saltzen eta batez ere “garenaz gozatu, Garabi”.

Oier Aranzabal Garabi taldea

Exit mobile version