Nontzeberri

“Ganbila” antzerki saileko hiru lan berri kalean

Ganbila antzerki saileko hiru liburu berri argitaratu ditu Susa argitaletxeak: Panpina (Erika Olaizola / Kamikaz Kolektiboa), Zartatua / 4.48 Psikosia (Sarah Kane) eta Bidaideak (Agurtzane Intxaurraga, Arantxa Iturbe / Hika Teatroa).

Panpina antzezlana Erika Olaizolaren imajinariotik, bulkadatik, adierazteko beharretik sortutako lan bat da. Panpina antzezlaneko edukiez gain, “batetik Erika Olaizolak berak sormen prozesuari buruz idatzitako gogoetak topatuko ditu, eta, bestetik, han edo hemen bidaide izan dituen lagunek “panpina” kontzeptua buruan hartuta libururako idatzi dituzten ekarpenak.”

Zartatua eta 4.48 Psikosia antzezlanetan gaiak ez dira batere samurrak, hizkuntza ez da gozoa eta sintaxia askotan bortxaturik azaltzen da. “Lehenbiziko testuan, errealitatearen ankerkeriak neurriz kanpokoa dirudi eta, bigarrenean, anbiguotasuna eta iluntasuna, gaixotasun mental larriak ekartzen duen oinazean nagusitzen zaizkigu. Bi antzezlanetan umore zipriztinak eta ironia egon badaude ere, ez digute arintzen batek zein besteak helarazten diguten protagonisten egia gordina: abusuen eta bortizkeriaren katearen gainean zapuzten dela askoren bizitza, eta, sufrikarioarekin amaitzeko, heriotzak bakea ekarriko digulako ideia setatia”. Lan honekin eta Ganbila bildumaren bidez, nazioarteko azken dramaturgiaren zati bat ekarriko da euskarara.

Bidaideak, Agurtzane Intxaurragaren eta Arantxa Iturberen arteko elkarlana da, aitzindaria eta eredugarria. Zuzendariaren eta idazlearen arteko elkarlan eta dialogoaren isla da: nola baten imajinarioak elikatu dezakeen bestearena, nola bien artean sortzen den hirugarren espazio zabal bat.

Exit mobile version