Bihar, goizeko 11:30ean, Iruñeko Katakrak liburu-dendan, Josetxo Azkonaren Galdeak eta baleak poema liburuaren aurkezpena egingo dute egileak eta Pamielako ordezkaria J. A. Irigarayk.
Pamielak adierazi digu ohar baten bidez, liburu berri honetako lerroetan topatuko duguna: “Susan Sontag idazle estatubatuarraren arabera, intereseko erantzun bakarrak dira haiek eragindako galdeak ezeztatzen dituztenak. Erran nahi baita, galdeak, munta handikoa eta interesekoa izanagatik ere –eta halakoak formulatzea benetan lan makala da gero!–, arreta gutiago erakarri behar digula erantzunak baino. Horretarako, noski, guztiz argigarria behar du izan nahitaez erantzunak. Ildo horretatik, gisa bateko zein bertzeko adierazpen poetikoekin batera, gai anitzen ingurukoak horiek guztiak, galde frankorekin eginen du tupust irakurle horrek liburu honetan. Horietarik batzuk, nolabait, diskurtso logikodunari atxikitzen zaizkio; beraz, haiek, hein batean, klasikotzat har ditzakegu haien hezur-mamian. Eta badira, aldi berean, hagitz bertzelakoak ere, ziur erantzun zehatzik ez duten betiko itaun horiek baino bihurriagoak: galde absurdoak, txoroak, zirtolariak, buru-korapiloak… Batzuek zein bertzeek ea erantzun bikainik sortaraziko ote dizkioten irakurle horri galdetzen diot neure buruari”.
Josetxo Azkona irrati, aldizkari eta prentsan ibilitakoa da. Korrok aldizkarian eman zituen lehen urratsak literaturaren alorrean. Iruñeko Udalak antolaturik, Olerki Sariketaren lehen sariaz jabetu zen Argiaren goraldian zabuka lanagatik, 1993an. Honako liburu hauek ditu argitaraturik: Artius (Euskaltzaindia, 1995, Felipe Arrese Beitia Saria, poesia); Koilara bete hitz (Alberdania, 2001, poesia); Patata soro bat (Alberdania, 2004, narrazio laburrak); Arbola naiz, eta zuhaitza (Alberdania, 2009, poesia) eta Ez naiz Fujin izan (Pamiela, 2010).
