Nontzeberri

Gaixotasun baten kronika

Maixa Zugastik Itzala. Gaixotasun baten kronika (Erein) izeneko lana argitaratu du.

“Gaixotasunaren hizkuntza latza da; mundua txikitu nahi du; itxia da. Harresi hori apurtu nahian ibili naiz azken urteotan” adierazi du egileak.

Erronka handia izan da idazlearentzat hogeita hiru urtean bizi izandako gaixotasunaren gainean idaztea, biluztea. Ahalegin horren emaitza da egunerokoa eta saiakera uztartzen dituen liburu hau.
“Gaixotasunak, osasuna kentzen duen neurrian, dolua dakar berekin. Garai gogorrak, ordea, idazlearengan argi-ilunak piztu ditu, bizitzaren aurkia eta ifrentzua. Alde batean, oinazea, nekea edo hitzak ezkutatzen dituen gandu ikaragarria daude; baina bestean, argi-iturri diren filosofia edo artea, eta azken honetan, bereziki, literatura”.

Honela hasten da lana: “Iratzargailuak esnatu nau. Gauean, bizpahiru aldiz galtzen dut loa, baina jada ez dut orduen, minutuen, segundoen joate mantso ikaragarria pairatzen. Mesanotxe hutsa da lo egiten ikasteko saiakera, maiz, antzuaren lekuko tristea. Orain, begiak irekitzean, argira zuzentzen ditut, gure leihoak inoiz ez duelako iluntasun osoa biltzen. Horregatik ikus zaitzaket zu, nire itzala, ohe-ertzean eserita, altzoan txakur txiki beltza duzula.”

Exit mobile version