Literatura Eskolaren lehenbiziko hitzordua Bilboko La Bolsan izango da urriaren 15ean, larunbatean. Egun horretan Karmelo Landak Gabriel Arestiren Zuzenbide Debekatua izeneko hitzaldia emango da.
Literatura Eskola 2002. urtean eratu zen Larrabetzun. Euskal literatura ardatz duen ekimen hau dagoeneko bere zazpigarren ediziora iritsi da eta euskarazko literatura euskaldunen artean ezagutaraztea eta prestigiatzea du xede. Hala, ikasturte honetan zortzi zita atondu dituzte maiatzaren 12ra bitarte.
Hona hemen egitarau osoa: azaroaren 12an, Tolosako Bonberenea gaztetxean, Yolanda Arrietak, Barne irudiaren bilakaera, ahozkotik album ilustratura berbaldia eskainiko du. Abenduaren 17an, berriz, Gema Lasartek Emakume anitza euskal narratiba garaikidean gaia izango du hizpide Donostiako Ernest Lluch zentroan.
2012 urtera begira, Literatur Eskolako arduradunek beste bost ekitaldi prestatu dituzte. Urtarrilaren 21ean, Ixiar Rozasek Idazketa luzatuz. Begirada bat performatibitatea eta egungo praktika eszenikoei izenburuko saioa zuzenduko du Arrasateko Kultur Etxean.
Otsailaren 18an, Idurre Alonsok Literatura Eskola bera jorratuko du bere berbaldian. Ekitaldia Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean izango da.
Udaberriaren lehenengo egunetan, martxoak 24, Iñigo Aranbarrik Bonbardaketak literaturan. Hasi Durangon eta Hiroshimatik gora gaia landuko du Durangoko Udal Liburutegian.
Apirilaren 25an, Ur Apalategik euskal literaturaren paradigma berriak zeintzuk diren galdetuko du Ziburuko AEKren Gaueskolan. Azkenik, maiatzaren 12an Xabier Mendigurenek eta Ander Lipusek Antonin Artaud dramaturgo frantziar eta Krudelkeriaren Antzerkiaren sortzailearen ibilbidea jorratuko dute Iruñeko Euskaldunon Biltokian.
Literatur egitarauaren xehetasun guztiak hemen.
Hona hemen Hamaika Telebistak iazko edizioaren inguruan eginiko saio bat.