Nontzeberri

Gabriel Arestiren ekarria balioesteko

Gaur bezalako egun batean, 1975eko ekainaren 5ean, Gabriel Aresti Segurola bilbotar idazle eta euskaltzain urgazlea zendu zen. Data hartatik hona 50 urte pasa dira, eta bere figura omentzeko egitarau potoloa ondu du Euskaltzaindiak (Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin elkarlanean), ekainean hasi eta abendura arte luzatuko dena, “XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zen hura omentzeko eta beronen ekarria goresteko”.

Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu duenez: “Oro har, Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera ematea da ekitaldi hauen xede nagusia. Izan ere, euskal herritar asko dago oraindik ere Aresti nor izan zen ez dakiena, ez eta hark euskal literaturari egindako ekarpen garrantzitsua ezagutzen ez duena ere. Hortaz, Arestiren ekarria balioan jarri nahi dugu, hots, beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi fin zorrotza nabarmenduz. (…) Herri handi eta hiriburuek euskararen biziberritzean duten zeregina azpimarratu nahiko genuke. Euskara eta euskal kultura askotarikoa dela erakutsi nahi dugu eta askotarikoen artean ehuntzen dela bistaratu. Denon euskara nahi dugu, eta denontzat».

Urte osoko programazio horretan hamar ekimen aurreikusi dira (hitzaldiak, antzerki-saioak, kontzertuak, erakusketak eta liburu-aurkezpenak), ondorengo sei hilabeteotan gauzatuko direnak.

Bihar, ekainaren 6an, izango da lehen ekimena Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan.  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du. Arestiren garaian hainbat konpositorek sortutako lanak interpretatuko dituzte txistulariok: esaterako, J. Guridi, J.M. González Bastida edo J.L. Ansorena musikagileenak. Musikak lagundurik, Arestiren poemak irakurriko dira.

Abenduaren 10ean antolatu da azken hitzordua, Arriaga Antzokian Bilboko Koral Elkarteak egingo duen kontzertuarekin.

Egitarauaren nondik norakoak: Euskaltzaindia.

Exit mobile version