Nontzeberri

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren sari banaketa

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 41. edizioaren sari-banaketa egin zen atzo Bilboko Udaletxean. Ekimen horren bidez, “literatur sorkuntza sustatu nahi du, eta aldi berean, garaiko idazle euskaldun bikainenetako baten bizitza eta obra ezagutarazten lagundu, euskarazko poesiaren berritzaile nagusia baita”.

Edizio honetan Euskal Herritik eta Estatutik etorritako 1.358 kontakizun ailegatu dira gaztelaniaz eta 60 euskaraz (urtetik urtera euskarazko ipuinen kopurua handitzen ari da). Nazioartetik (Argentinatik, Kolonbiatik, Estatu Batuetatik, Mexikotik edo Kubatik) etorritakoak  531 lan izan dira.

Euskarazko modalitatean, Amagoia Muxika Telleriak jaso du sari nagusia Azazkalak lanagatik. Bi accesit izan dira: Oskar Azkona García bilbotarrarentzat Trail running kontaketagatik eta Maitane Pérez Argote nafarrarentzat Lurrikarak lanagatik.
Lehen lanari buruz honako hau esan du epaimahaiak: “gaiaren gordintasuna islatzen du, idazkera sinple baina zaindua erabiliz, sinbolismoz betetako eszena ederrak eraikiz. Elipsien erabilera neurtua eta aparta, baita pertsonaia nagusien eboluzioa ere”.
Trail running lanari buruz, honakoa:  “erritmo izugarria du, irakurlea pertsonaiaren ondora eramaten du eta, aurrera egin ahala, narrazioa protagonistaren babesgabetasuna azaleratzen du”. azkenik, Lurrikarak lanaren kasuan, “inkomunikazioaren historia dela adierazi du eta pertsona bakoitzak une bera modu guztiz desberdinean bizi duela azaltzen duela”.

Gaztelaniazko modalitatean Cesar Anguianoren Nuevo camino hacia el mar kontakizuna izan da saritua. Alisa Lein argentinarrarentzat (Bahía de los ángeles) eta Veronica Avilés Calderónentzat (Kintsugi) izan dira accesitak.

Euskarazko zein gaztelaniazko kontakizun onenentzako saria 3.500 eurokoa izan da, eta accesitek 1.750 euro jaso dituzte.

 

Exit mobile version