Abenduaren 23ean, eta 30ean, Markina-Xemeingo Arretxinagako ermitan, Uhagon kulturguneak (Markina-Xemeingo udalarekin elkarlanean) kontzertu bi antolatu ditu Gabonetako kontzertuak izenburupean.
Kontzertu ziklo horrek helburu bi ditu: euskal musikarien lanak plazaratzea eta beraien kalitatea azpimarratzea, eta herriko ondarea balioan jartzea. Horregatik emanaldi biak Arretxinagako ermita berezian izango dira.
Gaur izango da lehen kontzertua, 19.00etan, eta bertan Mikel Azpiroz pianojolearen lan berria Islak aurkeztuko da. Berarekin Joanes Ederra (kontrabaxua) eta Karlos Arancegui (bateria) izango dira. “Euskal Herrian, estatuan zein Europan (Polonian, zehazki Varsovian eta Krakovian) emandako kontzertuetan harrera bikaina izan du Islak proiektuak. Maila handiko lana da eta ermita horretan zuzenean ikusi eta entzutea, esperientzia guztiz gozagarria izango da.”
Datorren barikuan, hilak 30, ordu berean, Habia hari eta ahots hirukote gazte lapurtarra arituko da. Taldea Elena Haira (biola eta ahotsa), Maia Iribarne (biolina eta ahotsa) eta Amaia Hiriarte (biolontxeloa eta ahotsa) musikariek osatzen dute. Hirukotearen esanetan, “entzuteko, ikusteko eta sentitzeko musika” eskaintzen dute, tradiziotik zein sormenetik edaten duen errepertorio batekin.