Nontzeberri

“Fuerza Vital” zine aldizkaria: “Irizpidea, irizpide eza da”

Fuerza Vital ohiko zine hilabetekarien erantzun gisa sortu zen. Orain arte sei ale plazaratu dituzte. Azkena EHUko Arte Ederretako Marrazki Sailak finantzatu du, eta Tarkovski eta Kubrick zuzendari handiei buruzkoa izan da. Sei ale horiez gain, -0 zenbakia baitan-, zenbait argitalpen berezi ere egin dituzte, esaterako, AlhondigaBilbaorentzat egin duten Akira Kurosawa zinemagile japoniarraren ingurukoa.

Testuan oinarrituriko filmen iruzkinak biltzen ditu aldizkariak, irudirik gabe, beti ere, espiritu eklektikoa nagusitzen delarik. Hala, 90eko hamarkadako Z Ataleko filma, zein arte eta entseguko obra jaso ditzake. Film horien kritikak inolako irizpide barik hautatzen dituzte: kolaboratzaileek proposamenak botatzen dituzte, baina proposamen hori hirugarren kolaboratzaile baten eskuetara irits daiteke. Beraz, irizpiderik egotekotan, zoria bera dela esan daiteke. Kolaboratzaileen arteko sare kaotiko horretan 30 zine zale izaten dira batez beste. Jorge Nuñez editorearekin hitz egin dugu zelulosa eta zeluloidea nahasten duen egitasmo editorialaren xehetasunen berri izateko.

Nola sortu da Fueza Vital?
Ideia beharrizan pertsonaletik sortzen da, alegia, mota guztietako filmak iruzkinduko zuen zine aldizkaria existitzeko beharrizanetik, genero eta autore filmak, esperimentalak, eta, esaterako, Anaconda 4 filma bezalakoak jorratuko zituenak. Baita hainbat zuzendariz hitz egingo zuena ere, tartean, Ivan Zulueta, John Ford, Mankiewicz eta Wachowski anaiak. Laburbilduz, pantaila betetzen duten irudi guztiez arituko zen argitalpena. Beti ere, testua baino ez duen aldizkaritik abiatuz, irudi fotografiko, marrazki edo margolanik gabe, salbuespenak izan diren arren. Fuerza Vital beste aldizkarien ordezkoa izateko eratu da, besteak beste, Dirigido por, Fotogramas edo Cahiers du cinéma. Filmen inguruan gehiago ikertzeko sortu da, testu espontaneo eta ausartenak, zatarrenak eta pertsonalenak ardatz hartuta.

Eta izenak non du bere jatorria?
Fuerza Vital Tobe Hooper zinemagileak 1985 urtean zuzenduriko filma da, non biluzirik dabiltzan espazioko banpiro batzuk gizakiak musukatzean haien indarra zurgatzen duten. Tob Hooper zalea naiz, eta aldizkariaren izenaren inguruan hausnarketan nenbilela, 2009ko otsaila bueltan, film hau iritsi zitzaidan, eta beste aukera batzuk ezabatu ninduen. Pentsatu nuen film asko ikusten nituela, agian, gehiegi, bizi-indarra balira bezala, eta bat zetorren aldizkaria egiten dugunon grinarekin. Horrez gain, Fuerza Vital-en ale guztien kontrazalean film horren kritika bat jasotzen dugu, beti pelikula bera, baina kolaboratzaile ezberdinek iruzkindua.

Papera, fantzinea, artisau lana, dedikazioa, banaketa zaila… garai onak dira honelako egitasmoentzat?
Egitasmoei beti heltzen diet ilusio handiarekin, denetarik barreiatzen dut, eta hasieran ez dut zailtasunetan pentsatzen. Gehienbat zine mota guztiez eta zine guztia berdin tratatuko duen aldizkaria argitaratzeko desio hori asetzean pentsatzen dut. Finean, egin duguna da aldizkari gogor baten aldeko apustua: testuz osatua, paperean, zuri eta beltzez, bihilabetekaria edo hiruhilabetekaria, eta gainontzeko guztiaz gero borrokatuko gara. Guzti horrek liluratzen nau! Ozta-ozta autoekoizten da, baina kaleratu berri dugun bosgarren zenbaki hau EHUko Arte Ederretako Marrazki Sailak finantzatu du.

Norentzat egiten duzue eta nork parte hartzen du?

Zine jaleentzat, zaleentzat, eta edozein arratsaldean zein film ikusi ez dakien ororentzat da. Baita ohetik altxa eta pelikulak ikustea gustuko dutenentzat ere. Partaidetzari dagokionez, mota guztietako jendeak parte-hartzen du: idaztea gorrotatzen dutenetatik, zinea gorrotatzen dutenetara, edo iruzkintzea egokitu zaien pelikulari buruz idatzi nahi ez dutenak. Izan ere, argi utzi behar da Fuerza Vital-ek pelikulak zoriz trukatzen dituzten jendearen topagune birtual eta urrunekoa gisa funtzionatzen duela. Kolaboratzaile batek film bat proposatzen du, eta gero film hori beste bati egokitzen zaio, era berean, lehenengo horri agian tokatzen zaio gorrotatzen duen erdi aroko film baten inguruan idaztea, genero hori ezin baitu jasan. Horrela da kontua.



Aldizkariaz gain, jarduera gehiagorik egiten duzue?

Zenbaki berri bakoitzaren aurkezpena egiten dugu. Egin genuen azken aurkezpena bosgarren alearena izan zen. Fuerza Vital (Tob Hooper, 1985) filma proiektatu genuen soinurik gabe, bi musikarik soinu banda zuzenean jotzen zuten bitartean. Aurkezpen horiez gain, ez dugu jarduera gehiagorik egin, gure asmoa film edo mahai-inguru zikloa egitea den arren. Flyer itxurako aldizkari txiki eta doakoren bat ere egiten dugu, ekitaldietan banatzeko, gai zehatz baten ingurukoak, jada bi egin ditugu: batetik, telesailei buruzkoa eta bestetik, marrazki bizidunen filmen ingurukoa. Halaber, -baina hau ikuspegi pertsonalago batetik-, atal espezialak egiten ditugu zine jaialdien blogetarako: Zinemaldia, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinearen Astea, edo Sitgeseko Nazioarteko Zine Jaialdia.

Zein motatako zinea jorratzen duzue fantzinean? Zein irizpide erabiltzen duzue gaiak, filmak, zuzendariak, eta abar aukeratzeko?
Irizpidea kolaboratzaileena da, beraz, ez dago irizpide finkorik. Irizpidea da, ez dagoela irizpiderik. Kolaboratzaileen gustuen nahasketa da. Aldizkariak egiten dituen proposamenei e-postaz erantzutean aukeratzen dira kolaboratzaileak; hau da, aldizkariaren deiari erantzuten diotenak parte-hartzen dute aldizkarian. Horrela, kolaboratzaileen kopurua aldakorra da, eta bakoitzak film bat proposatzen duenez, zeina beste kolaboratzaile bati egokituko zaion, edabea oso kaotikoa da. Ale honetan Tarkovski eta Kubrick-i buruzko espeziala egin dugun arren, -bi zuzendari obsesibo bezain kontrarioak, zazpi eta hamairu film baino ezin izan zituzten egin-, asmoa bi zinemagileen film guztiez hitz egitea zen. Berriro esango dut: irizpidea, irizpide eza da.

Pentsatu duzue hemendik urte batzuetara egitasmoak zein bide har lezakeen?
Bai horretaz pentsatu dugu. Momentuz egitasmoen hasierak gustuko ditugu, okertu baino lehen, eta gutxienez hamargarren alera arte iritsi nahi dugu paperezko bertsioarekin. Horretaz gain, webgunea egin nahi dugu, jendeak ikusi dituen filmen iruzkinak eskegi ditzan, aldizkariaren bloga jada existitzen den arren. Oraingoz, baina, nire kritiken bloga da. Hala ere, kolaboratzaile askoren topagune izan nahi du. Bilakaera sarean gehiago hedatzea litzateke, paperezko aldizkaria abandonatu gabe, hain sikua bezain kutuna. Aldizkariaren aleak honako denda hauetan lor daitezke: Made in Santurtzi (Genaro Oraá 36. Santurtzi), Anti- liburudenda (Dos de Mayo 2. Bilbo) eta Toma 3 (San Agustín 12. Gijon). Hemen bertsio digitalean lor daiteke.

Exit mobile version