Ekainaren 11ra arte, Azkuna Zentroak antolaturiko Fritz Lang zuzendariaren gaineko zikloak zazpi lan eskainiko ditu. Aste honetan. astearte eta ostegunean, bi saio antolatu dira pelikula ezagunekin Bilboko Cines Golem Alhondigan.
Zikloa Metropolis (1927) zine mutuko klasikoaren proiekzioarekin hasi zen, eta aste honetan, Scarlet Street (1945) zentsura moraleko araua hausteagatik debekaturik izan zen filma. Hau da bere sinopsia: Christopher Cross kutxazain apal bat da, gaizki ezkondua, pintura du pasio bakarra. Gau batean, Kitty March ezagutu du, neska saiatu eta erakargarri bat. Harekin maiteminduko da eta margolari arrakastatsua dela sinestaraziko dio. Eta Rancho Notorious (1952). Vern Haskell mendebalde osoa zeharkatzen ari da bere emaztegaia bortxatu eta hil zuen gizonaren bila. Baten batek esan dio agian Chuck-a-Luck-en aurkituko duela. Arrantxo hori mota guztietako gaizkileen gordelekua da, eta Altar Keane kantaria da jabea.
Lang-en filmografian beti agertzen da “pertsonak duen hauskortasun morala sistemaren aurrean. Diktadura batean, egunkari baten erredakzioan, harreman sentimental batean zein prozesu judizial batean egon, beren filmetako protagonistak mugitzen diren unibertsoan, egia nahasgarria da eta justizia zalantzazkoa”.
Gaur egun, muturreko diskurtsoak berpizten ari dira eta horrexegatik, Fritz Lang-en zinemak sekula baino gaurkotasun gehiago du. Bere lanak “gogora ekartzen digu egiturazko indarkeria, manipulazio kolektiboa eta bidegabekeria ez direla abstrakzio historikoak, baizik eta errepika daitezkeen dinamikak”.
Zikloaren gaineko informazio guztia: Azkuna Zentroa.
