Nontzeberri

Frantziako zinema dokumentalarekin zita, Bilbon

BilbaoArtek, Institut Français-ekin lankidetzan, Dokumentalaren Hilabetea zikloa programatu du azaroaren 13tik 27ra.

BilbaoArtek ohitura bilakatu du hitzordu hau azaroan, eta hala, hil honetan, Frantziako zinema dokumentalarekin ezinbesteko zita bat duzue zale guztiek. Izan ere, eta  BilbaoArteren arabera, “ibilbide bizi eta iradokitzailea da zinema dokumentalaren arloa, zinema komertzialeko karteleratik baztertua, lur sail emankor eta berezia oso. Zinema bizia, momentua ilustratzeko eta ageriko faila estruktural nagusiak nabarmentzeko aukera ematen diguna. Hau eta askoz gehiago gordetzen du ziklo honek”.

Dokumental guztiak bi alditan proiektatuko dira, egun eta ordu ezberdinetan azpitituludun jatorrizko bertsioan. Horrexegatik zikloa zabaldu zuen lehen filma, Swagger (Olivier Babinet), azaroaren 27an ikusi ahalko da berriz.
Gaurko saioan, Ce qu’il reste de la folie (Joris Lachaise) pantailaratuko dute 17:00etatik aurrera. Lan horren sinopsia hauxe da: Khady Sylla idazle eta zinegilea Thiaroyera laguntzen dugu, Dakarretik gertu dagoen aldiria batera, zenbaitetan ingresatua izan den ospitale psikiatriko bat bisitatzera. Khady Sylla bere mediku, ospitaleko paziente, senide eta beste zenbait pertsonekin elkartuko da metodo terapeutikoen gai konplexuaren inguruan hitz egiteko eta honek kolonialismoarekin daukan harremanean sakontzeko.

Zikloa honako filmek osatzen dute: Le Potager de Mon Grand-Père (Martin Esposito) azaroak 14 eta 20; Les Pépites (Xavier De Lauzanne) azaroak 20 eta 21; eta La Sociologue et L’ourson (Etienne Chaillou & Mathias Théry) azaroak 21 eta 27.

Informazio guztia: BilbaoArte

Exit mobile version