Nontzeberri

“Frankenstein agurgarria” errezitaldi musikatua, Markina-Xemeinen

Markina-Xemeingo otsaileko kultur egitaraua oparo dator, eta bihar, egitarau horretako emanaldi eder bat ikusteko aukera egongo da: Frankenstein agurgarria errezitaldi musikatua.
Ikusgarri horretan Ana Galarragaren (zientzia komunikatzailea) testuak eta Petti kantariaren zuzeneko musika hibridatzen dira. Diogun moduan, hitzordua, otsailaren 5ean izango da, Uhagon kulturgunean, 19:00etan hasita.

Frankenstein agurgarria Victor Frankensteini idatzitako gutun musikatua da. Mary Shelleyk sasoi ilunetan idatzi zuen Frankenstein liburua. 200 urte geroago, antzeko kezka, beldur eta zalantzak bizi ditugu. Galarragak, Frankenstein berari zuzendutako gutunean, kezka zientifiko, etiko, feminista eta literarioak txirikordatzen ditu, eta Pettik, kantuen bidez, bere ikuspegia gehitzen du, orain gordin, orain samur.
Galderak, betiko legez, asko dira: Zein dira zientziaren mugak? Aurreikusi gabeko ondorioak daudenean, norena da ardura? Zer pisu dute, oraindik, erruak eta damuak? Zergatik ukatzen zaio aitortza Mary Shellyri? Lurpera liteke iragana? Nor da munstroa?

Exit mobile version