Nontzeberri

Francesco Pasqualeren bosgarren arima

Unai Elorriaga idazleak Francesco Pasqualeren bosgarren arima izeneko nobela argitaratu du Susa argitaletxearekin. Idazlearen familiaren jatorria agertzen da liburuan, pertsona hori, Francesco Pasquale benetakoa baita, eta harengandik sortu baitziren Unai Elorriagaren aurrekoak ere, Italiatik Bermeoraino heldu baitzen.

Susa argitaletxeak datu gehiago eman dizkigu: “Zerriak, heriotza goiztiarregiak, gogotik joaten ez diren umetako lagunak, erdiminak, esnea, gurdiak, askotariko gaitzak eta ur-azalean barreiatutako partiturak. Irudi horiek gailendu ziren, besteren artean, Francesco Pasqualeren egunetan.
Saprin jaio zen, Italia hegoaldean, eta Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi konpositoreekin konpartitu zuen bere mundualdiaren parte handi bat. Galdaragile familia bateko semea, orduko giro politikoan nahasi, eta Mediterraneo itsasoaz bestaldera jo zuen, harik eta Bermeora heldu zen arte.
Haren arrastoari segika, XIX. mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat eskaintzen du Unai Elorriagaren zazpigarren nobelak. Beregainak diren atalekin eraiki du kontakizuna idazleak, elkarren segidan jarrita oihartzuna puskaz harago hedatzen dutenak; hitz lauz eta urarena halako musika itsaskorrez.”

Unai Elorriaga idazle porrokatua da, eta bereak dira: SPrako tranbia (Elkar, 2001; Espainiako Narratiba Saria); Van’t Hoffen ilea (Elkar, 2003; Igartza saria);  Vredaman (Elkar, 2005), Londres kartoizkoa da (Elkar, 2009), Iazko hezurrak (Susa, 2014; Espainiako Kritikaren Saria) eta Iturria (Susa, 2019; Espainiako Kritikaren Saria).

Exit mobile version