Nontzeberri

"Forma, zeinua eta errealitatea" erakusketa Oteiza Museoan

Erakusketak eskulturan XX. mendean izandako aldaketa iraultzailea azaltzen du eta Oteizak 30ko hamarkadan egindako obrak aurkezten ditu.

Rodin eta Gauguin sugestiotik lan egiten zuten autoreekin hasten da, hala nola Paco Durrio eta Nemesio Mogrobejorekin; klasizismoaren eta abangoardiaren sintesi obra lantzen zuten Enric Casanovas edo Manolo Hugué lanekin jarraitzen du, eta Mateo Hernández edo Ángel Ferranten errealismo berriekin bukatzen du.

Oteizari dagokionez, orain arte sekula erakutsi ez diren Jesusen Jordanen (1933) izeneko hiru eskultura erakutsiko dira. Nikolas Lekuona eta Alberto Sanchez artistekin espazioa konpartitzen du Oteizak, hiruren arteko elkarrizketa bat sortuz. Izan ere, hirurek ikuspegi lokaletik abiatuta, arte unibertsala sortu nahi zuten.

1935an bukatzen da erakusketa, Oteiza Hego Amerikara joaten denean, 36ko gerra hasi baino urte bat lehenago. Gero, frankismoa heldu eta euskal artistek egindako iraultza eten zen. «Mende honen lehen 20 urteetan jaio ginen, eta gure aurreko belaunaldiko artisten lanaren ondoan gure ekarpen originala gehitu behar genuenean, isilarazi, hil edo sakabanatu egin gintuen gerrak», zioen Oteizak berak.

Erakusketa gaurtik, maiatzak 27, irailaren 19ra bitartean egongo da zabalik. Gainera, jarduera pedagogiko batzuk ere prestatu dituzte zeinek ekainaren 5tik ekainaren 13ra arte iraungo duten.

Berria

Exit mobile version