Nontzeberri

Folk estiloko musika guztia Getxon

Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia egiten ari da irailaren 9tik 13ra arte. Programak “jatorri askotariko doinuetan barrena egingo den bidaia musikala proposatzen du, arreta berezia eskainiz Irlandako, Man Uharteko eta Menorcako uharte-musikei, Portugalgo, Bretainiako, Andaluziako eta Euskal Herriko erritmoak ahaztu gabe”.

Egun hauetan guztietan nazioarteko folk panoramako artista nabarmenenetako batzuk arituko dira jaialdiaren programazioaren barruan kontzertu bikainak eskaintzeko. Guztira 14 musika-emanaldi antolatu dira Muxikebarrin, Areetako Geltokia plazan eta Ereagako hondartzaren inguruan.

Euskal musikak presentzia izango du, eta adibidez, gaur berton, Xabi Aburruzaga arituko da, eta oholtza berean, Xabier Díaz eta Adufeiras de Salitre izango ditu. Kontzertu honek “ahozko ondarearen aberastasuna eta musika tradizionalak adierazpenerako bide berriak sortzen jarraitzeko duen indarra aldarrikatzen ditu.” Bihar, ETS (En Tol Sarmiento) taldeak kontzertu eskainiko du, eta igandean, saio berezi batekin amaituko da jaialdia: Xalbador, Urepeleko artzaina. Joxan Goikoetxearen zuzendaritza musikalarekin, artista eta bertsolari (Xabier Amuriza, Amets Arzallus) talde bikain batek Xalbadorren figura gaurkotuko dute.

Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren programazio osoa ikusteko egin klik hemen.

Exit mobile version