Erein argitaletxeak Fiodor Dostoievskiren Krimena eta zigorra kaleratu du. Aroa Uharte Zubillagak hartu du lan hori euskaratzeko ardura.
Argitaletxeak lan horren gaineko xehetasun hauek eman ditu: Maisulan hau euskaraz irakurri ahal izatea kultur ondasun handia da gure hizkuntzarentzat. Dostoievskiren estilo berezia, ahotsen polifonia eta pertsonaien konplexutasuna euskarara ekartzeak aukera ematen digu euskal irakurleoi munduko literaturaren gailurretako bat gure hizkuntzan gozatzeko.
Literaturaren historiako maisulan handienetako bat da. Dostoievskik aparteko indarrez eraikitzen ditu pertsonaiak, haien ahotsak, kontraesanak eta barne-borrokak. Horregatik da Krimena eta zigorra irakurle bakoitzari modu desberdinean hitz egiteko gai den obra bat: nobela psikologikoa, dilema etikoen azterketa, kritika soziala edo tragedia moderno bat izan daiteke aldi berean.
Bere galderak ez dira zahartu; aitzitik, gaur egun ere indar berarekin interpelatzen gaituzte, justiziaren, indarkeriaren eta giza duintasunaren inguruko eztabaidak piztuz. Horregatik jarraitzen du, argitaratu eta mende eta erdi baino gehiago igaro ondoren, ezinbesteko irakurgaia izaten.
