Nontzeberri

Film-emanaldiak Elorrion, Igorren eta Bilbon

Gaur Elorrioko Iturri aretoan, 19:30ean, Rafea eta eguzkia izeneko lana pantailaratuko da. Rafea andre beduino alfabetatugabea da, lau alabekin Jordaniako basamortuko herririk txiroenetako batean bizi dena, Irakekiko mugan.
Rafeari eskaintza bat egiten zaio: Indiara bidaiatu eta bertan Barefoot College-ko programa batean parte hartzea, non mundu osoko emakume alfabetatu gabeak sei hilabeteko formazioa jasotzen duten eguzki ingeniari izateko. Lortuz gero, bere herria elektrifikatu ahal izango du, beste ingeniari batzuk formatu eta alabak mantendu.
Bidaia zaila izango da Rafearentzat baina erronka nagusia beduinoen pentsaera tradiziozkoa haustea izango da; izan ere, horren arabera, emakumearen lekua senarra zerbitzatzen duen emaztearena da. Dokumentalak hezkuntzaren boterea tradizioaren indarraren aurrean jartzen du.

Bihar, halaber, Igorreko Zineklubean Bizi anitz zikloan, Hedwig and the Angry Inch filma emango da. Hedwig-ek sexua aldatzeko ebakuntza egingo du soldadu estatubatuar batekin ezkondu, eta Ekialdeko Alemaniatik ihes egiteko. Ebakuntza, ordea, txarto irtengo da, eta zalantzazko sexua geratuko zaio. Filma Igorreko Lasarte Aretoan izango da bihar, 20:00etan.
Zikloaren hurrengo filmak Tomboy (martxoaren 20an), eta XXY (martxoaren 27an) izango dira.

Bihar ere, Bulegoa z/b-k Zinema_ilegala programaren barruan The Suspended Step of the Stork (To Meteoro Vima tou Pelargou) (Theo Angelopoulos, 1991) filma emango da. Itxarongela Greziako hiri bat da, Albaniarekiko mugan kokatua. Alexandros kazetaria hiri bertan dago, hiria uzteko baimenaren zain han bilduta dauden errefuxiatuen berri ematen. Erreportajea egiten duen bitartean, aspaldi desagertutako politiko greziar bat ezagutzen du jendetzaren erdian.



Exit mobile version