Bizkaiko Jaurreriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuan, Fernando Villena bilbotarrak erakusketa paratu du abenduaren 9ra arte. Bertan azken hiru urteetan Amerikako Estatu Batuetan eta Europan eginiko obra piktorikoa eta fotografikoa ikus daiteke. Erakusketak askotariko teknikak eta materialak hartzen ditu.
Villenaren erakusketa hau AEBetan izan da The Andy Warhol Foundation for the Visual Arts, Utah Arts Council, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.
Enrique Martinez Goikoetxeak erakusketaren harira egin duen oharrean jasotzen denez, margolaritza da gehien erabiltzen duen diziplina, baina argazkilaritza eta, neurri txikiagoan, bideoa ere erabiltzen ditu. “Teknika horiek kateatzen ditu, eta aukera ematen diote beraren laneko plano garrantzitsu batzuk nabarmentzeko”.
Dena dela, margolaritzat hartzen du bere burua, eta koloreari bere biziko garrantzia ematen dio, “enpatia sortzeko gaitasun handia baitu”.
“Kolorea lantzeko aukera desberdinak daude, pinturaren bilbeen eta beloen bidez, inprimatze digitalek sorrarazten duten saturazioaren bidez, edota mugimendu geldiak, likidoak haren lan bideografikoan eragiten dituen modulazioen eta distiren bidez.”
Marrazkia eta monotipoak, berriz, modu naturalean erabiltzen ditu. Hala, oraintsu serigrafia oinarri hartuta, esperimentatzen hasi da argazkiak eta ehundurak gainjarriz.
Artista bilbotarrari buruzko informazio gehiago hemen.