Fernando Biderbost (Bilbo, 1955) artistak erakusketa paratu du Zarauzko Sanz Enean, otsailaren 8ra arte. “Bere karreran zehar egin dituen miaketa bisualak lasai-lasai, luzaroan eta sakon aztertu behar dira, begirada zorrotzaz eta harridurarako prest egonda”, Julio Chavez Guerrero arte-kritikariaren arabera.
Biderbosten koadroek marrazketa, eskultura eta muntaiatik edaten dute, sistema konplexuak ezarriz. “Fernandoren ikuspegi estetiko horretan, zatien arteko erlazioa oso gutxitan ulertu ahal izango da arrazoi instrumentalaren edo pentsamendu linealeko dogmen bitartez”.
Artistaren hitzetan, “nire lana instintiboa da, bat-bateko lana. Inprobisazio motela, eraikitakoa. Aurrerago, koadroak bere buruaren hausnarketa egiten du, eta nik pinturari agintzen uzten diot. Koloreek pentsatu egiten dute, ukipenak ikusi egiten du eta begiek entzun egiten dute”.
Hala, koadroan jartzen dituen elementuak (kolorea, marrazkiak…) airearen bitartez uztartzen eta muntatzen dituela dio artista. “Horrek bere baitan bildutako giro bat sortzen du”.
Biderbosti prozesua interesatzen zaio bereziki, azken emaitza bera baino gehiago. “Nire koadroak saiakerak dira, txango plastikoak. Uste dut pintura bidaia bat dela, eta, bertan, garrantzi gutxien duena helmuga dela, ibilbidean zehar gertatzen diren istiluek, kontraesanek, porrotek eta frustrazioek, ikasketek eta aurkikuntzek gorputz operatibo bat osatzen dutelako”.