Gasteizen egiten ari den Komedialdia jaialdiaren programazioan makina bat kontu umoretsu izango dira gozagarria. Horien guztien artean euskarazko bat nabarmendu nahi dugu: Beatriz Egizabal aktoreak egingo duen Naiz ala nahi? Berezkoa ala ikasia piezaren estreinaldia. Urriaren 25ean izango da, 19:30ean hasita, IAK aretoan.
Artistak berak eman ditu pieza berriaren gaineko azalpen guztiak: “Feminista jaio ala egin egiten da? Zu jaiotzerakoan zure burmuinak badaki feminista izango zarela? Kontuan izanda emakumea izango ote zaren oraindik ez dakiela, ba feminista ere egin egingo zara. Zu zure burmuina zara? Zu zure burmuina bazara ezin duzu zure burmuinaz hirugarren pertsonan hitz egin? Nola bilakatzen da izaki obediente bat feminista? Obedientea den izaki bat feminista izan daiteke? Feminista izan nahia eta feminista izatea berdina da?
Galdera hauei erantzun nahian bizitzan feminismoak izan duen eragina aztertuko dut. Haurtzarotik heldutasunera. Inguru normatiboak izandako eragina. Inguru ez normatiboak izandako eragina… feminismoaren olatu desberdinak aztertuz. Zer ulertu dut? Zer ez dut ulertu? Zer ulertu dut gaizki? Gaizki ulertzea ez ulertzea da? Ondo ulertzea, ulertzea da? Ezer ulertu gabe bizi gaitezke? Antza denez bai…edo ez?”
Komedialdia jaialdiak dituen helburuetako bat da umoreak pertsonon bizitzan duen garrantziaz eta honen funtzio terapeutikoaz jabetzea. Komedialdiak kultura, osasuna eta pertsonon ongizatea bildu nahi ditu beste behin, beti ere, umorea kohesio-tresna gisa erabiliaz.
Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.
