Bilboko Fas zineklubak Bertrand Bonello zinegileak zuzendu eta idatzitako Nocturama (Frantzia, Belgika eta Alemania, 2016) filma emango du gaur, El Carmen aretoan, 19:45ean. Juan Zapater zine-kritikari eta BilbaoArte Fundazioaren zuzendariak aurkeztuko du emanaldia.
Nocturama Bertrand Bonello zuzendari, gidoigile eta musikari frantziarraren azken lana da. Bilboko zineklubaren arabera, filma bi zatitan banatzen da: “lehenengo zatian gazte talde baten atzetik doan kamera dugu, batez ere Pariseko metro eta kaleetatik, dokumentala gisa. Bigarren zatia onirikoagoa izanda, ekintzak muturreraino iristean, gazte hauek saltoki handi batean elkartuko dira gauari hasiera emanez”.
Bonelloren aburuz filmak ez du diskurtsorik bilatzen, ekintzari jarraitzen dion lan garaikidea da, “errealismoz eta metaforaz osatua”.
Informazio gehiago: cineclubfas.com.