Nontzeberri

FANT Bilbaok Paul Urkijoren “Gaua” filmaren aurrestreinaldia egingo du

Bilboko Udalak antolatzen duen FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiak Paul Urkijok zuzendutako Gaua filma eskainiko du gaur, azaroaren 12an,  19:30ean, Golem-Alhondigako zinema-aretoan. Fantasiazko Zinemaldiaren 32. edizioko PreFANT zikloak zuzendari gasteiztarraren filmaren proiekzioarekin jarraituko du. Filma Sitgeseko eta Donostiako beldurrezko zinema jaialdietan ere ikusi da.

Aurten eginiko filmaren korapiloa hauxe duzue:  Ekintza XVII. mendean kokatzen da euskal mendietan. Sorgin ehiza betean, Kattalinek senarrarengandik ihes egiten du eta gauaren erdian alde egiten du baserritik. Basoaren belztasunean galduta, haren atzetik dabilen presentzia sentitzen du. Bidean, hiru emakumerekin egin du topo, eta, ibai ondoan arropa garbitzen duten bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak partekatzen dituzte. Bere harridurarako, Kattalin istorio horien parte bihurtuko da.

Gaua egia bihurtutako ametsa da zuzendariarentzat: askatasunari buruzko kontakizun epikoa, non gizarteak inposatutako bidea ez den beste bide bat aukeratzeagatik epaitutako izakiek askatasunaren sinbolo bihurtzen diren.

Erika Olaizola, Elias García, Laura Iturregi, Elena Uriz, Manex Fuchs, Iñake Irastorza, Yune Nogueiras, Elena Irureta, eta Ane Gabarain aktoreak aritu dira zinemagile gasteiztarren aginduetara.

Exit mobile version