Bilboko BBK Salako Noites de Fado zikloa larunbat honetan, otsailak 25, hasiko da, eta dagoeneko sarrerak agortuta daude Ana Moura musikariak eskainiko duen kontzerturako.
Moura estudioko bere zazpigarren diskoarekin, Casa Guillerminha izenekoarekin, iritsiko da Bilbora. Duela hiru hilabete autoeditatu du eta horrekin hautsi du Universal multinazionalarekin 20 urtez izan duen harremana, “askatasun eta independentzia gehiago lortzeko”.
Fadoaren berritzaile handia da askoren ustez, eta kolaborazioak egin ditu Prince, The Rolling Stones edo Herbie Hancock artistekin, adibidez. Bilduma berri honetan, bere arbasoen Angolako sustraietara itzuli da, fadoa eta kizomba (Angolako musika tradizionala) bateratuz. Mourak fadoa eta haren atenporalitate tradizionala aurreiritzirik eta loturarik gabe nazioartekotu nahi du, eta bilakaera eman nahi dio. Duela 11 urte ere hartu zuen parte BBK Salako Noites de Fado ekimeneko lehen edizioetan, eta 2017ko edizioa ixteko ere itzuli zen.
Horren ostean, martxoaren 11n, Portugaleko abeslari izugarri baten txanda iritsiko da: Dulce Pontes. Bere azken diskoan, Perfil (2022), musika latinoa eta jazza barneratu ditu, eta berak ekoitzi du. Geroago, apirilaren 14an, Sara Correia gaztearen txanda izango da.
