Nontzeberri

“Ezpalak”, Seiurte taldearen aldetik sendoena

Bizkaiko Berriz herriko Seiurte bandak Ezpalak izenburuko lan berria aurkeztu du, gaur, Bilbon. Disko laburra da, ordu erdi inguru irauten du, eta zortzi kantu biltzen ditu. Taldekideen aburuz, orain arte kaleratu duten diskorik trinkoena da, rockzaleena.

“Apropos egin dugu labur, gaur egun zaila da entzulearen arreta mantentzea, eta guretzat ere errazagoa izan da: energia bera erabili dugu,  baina kantu gutxiagotan kontzentratuta”, esan du Iokin Elortza gitarra-jotzaile eta abeslariak.  “Ez dago arnasa hartzeko tokirik”.

Diskoak gordetzen duen indarra lortzeko, bizkaitarrek Grises taldeko Eñaut Gaztañagaren laguntza izan dute. “Lehenbizikoz ekoizle batekin egin dugu lan. Eñautek aurreko diskoko nahasketak ere egin zituen, eta orain ekoizpenaz arduratu da,  eta alde horretatik oso pozik gaude, gure doinuak aberastu baititu”.

Soinua gogortu badute ere, taldearen soinua  ez da askorik aldatu. “Ibilbide luzea egin dugu, enbor bera-bera izan da, baina saiatu gara aldaketak egiten disko bakoitzean, eta hemen ere salto bat egin dugu: egun rock modernoa egiten dugu, eta hain pop-rock”, nabarmendu du Iokinek. Aipatu tako enborretatik atera dute, hain zuzen, diskoaren izenburua: “gure diskoak eta kantuak enbor beretik ateratako ezpalak dira”.

Orain, diskoa zuzenean aurkezteko irrikan daude, izan ere, jada jo dituzte lan berriko kantuak zuzenean, eta pozik agertu dira emaitzarekin. “Intentsitate handiko kantuak dira, eta ondo funtzionatzen dute kontzertuetan”, gaineratu du Julen Oarbeaskoa baxu-jotzaileak.

Halere, kontzertuak partekatzeko estilo bereko taldeak bilatzeko zailtasunak dituzte. “Apur bat umezurtz sentitu gara beti, ez baitugu guretzat egokia den eszenarik bilatu Euskal Herrian, nahiz eta bestelako talde eta musikariekin harreman oso izan dugun”, azaldu du Iokinek.

Kontzertuen harira, maiatzaren 1ean, Tolosako Bonberenan izango dira, 9an, Gorlizeko Xurrut tabernan; 12an, Gasteizko Parral tabernan; 15ean, Zestoako gaztetxean, 23an, Durangoko Plateruenan; eta, amaitzeko, 28an, Bilboko Kafe Antzokian”.

Exit mobile version