Gernikako Lizeo Antzokian, maiatzak 22, 19:00etan, Ezer ez delako amaitzen ikusgarriaren azken emanaldia izango da. Memoria historikoa, transmisioa, kultur-sorkuntza eta omenaldia uztartzen dituen egitasmoa Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Loraldiak ondu dute Euskal Herriko bost ikastetxerekin elkarlanean.
Ezer ez delako amaitzen egitasmoak 1936ko estatu kolpe frankistaren ondorioz erbesteratutako haur euskaldunen memoria du abiapuntu. Gerrako haur haien memoria eta gaurko gazteen ahotsa elkartuko dira oholtza gainean.
Egitasmoak “iragan hurbil hori gogora ekartzen du, baina ez du oroimenera mugatu nahi; gaurko munduarekin lotu nahi du, faxismoaren gorakadarekin, gerra egoerekin, lekualdatutako edo erbesteratutako umeen errealitatearekin eta gizarte gisa ditugun erronka etiko eta politikoekin”.
Antolatzaileek honela deskribatu dute azken emanaldi hori: “Gernikakoa ez da emanaldi soil bat izango. Berezia izango da, bertan gerrako umeei omenaldia egingo zaielako, eta haiek ere gurekin izango direlako. Horregatik, hitzordu honek badu beste geruza bat ere: memoria partekatzeko unea izateaz gain, aitortzarako eta esker oneko gunea ere izango da. Zeren eta memoria ez baita bakarrik kontatzen den zerbait; entzun, partekatu eta aitortu egiten da. Ikuskizun honek argi uzten du zer garrantzitsua den memoria berreskuratzea eta transmititzea, berriro halakorik gerta ez dadin. Eta hori guztia gazteen ahotsetatik eta sormenetik egiteak indar berezia ematen dio proposamenari. 2026ko Gernikako saioan, gainera, aitortza ekintza berezia aurreikusten da gerrako umeentzat eta haien familientzat.”
