Nontzeberri

Euspot Lehiaketaren sari banaketa

Euspot Euskarazko Iragarkien Lehiaketan lanak aurkezteko epea maiatzaren 9an amaitu zen. Guztira, lehiaketaren hirugarren edizioan Euskal Herriko  hainbat herritako 22 lan aurkeztu dira. Sari banaketa maiatzaren 15ean izango da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo edizioan spot lehiaketa kontsolidatzea eta euskararen panoraman erreferentziazkoa bilakatzea lortu da. Gazteen parte-hartzea sustatu nahi izan da eta horretarako harremanak sustatu dira zenbait ikastola eta eskolarekin, eta erantzuna oso positiboa izan da.

Sari banaketa maiatzaren 15ean, osteguna, 19:00etan egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur etxeko Zaraia aretoan.

Egun horretan, Arturo Oleak (musika eskubideen arloan aditua) hitzaldia eskainiko du, ikus-entzunezkoetan musikarekin egin daitekeen erabilerari buruz. Horrez gain, Saiatu Berriz musika taldeak emanaldia eskainiko du. Lehiaketan parte hartu duten 22 iragarkiak ikusi ahal izango dira ekitaldian eta bertan emango dira jakitera irabazleen izen abizenak.

Euspot Lehiaketak banatuko dituen sariak honakoak izango dira: Spotik onena, 1.000 euro; MUko ikasleen spotik onena, 500 euro; Publikoaren saria, 500 euro, eta Gazteen saria (18 urte beherakoak), 250 euro.

www.euspot.eu webgunean daude ikusgai aurkeztutako lan guztiak.