Nontzeberri

Euskarazko sormen artistikoak, Iruñeko “Garaikide” ekimenean

Iruñeko Garaikide ekimenak, euskarazko adierazpen artistiko garaikideko erakusketak antzerkia, dantza, musika eta performanceak bilduko ditu irailaren 29tik urriaren 25era bitartean. Zazpi proposamen ikusgarri egingo dira Ziudadelan, Kondestablen, Iturramako Civivoxean eta Nafarroako Antzerki Eskolan.

Asier Zabaletak zuzendu eta bost dantzariz osatutako Ertza Dantza Konpainiak emango dio hasiera Garaikideri, bihar, irailaren 29an, ostirala, 19:30ean, Iturramako Civivoxean. Diziplina anitzeko Hariak obra aurkeztuko du.
Mursego eta Amorante bigarren proposamenaren protagonistak izango dira, irailaren 30ean, 19:30ean, Iturramako Civivoxean. Mursegok lau album argitaratu eta filmetako zenbait soinu-banda konposatu ditu, bai eta dantza eta antzerkiarekin lotutako hainbat proiektutan parte hartu ere. Iban Urizarrek (Amorante) bi kantuko binilozko singlea plazaratu zuen udaberrian. Singlea edizio mugatua da, baina sarean ere entzun daiteke. Iaz, bost kantuko lehen lana ondu zuen, “soinu-postal” formatuan. Formatu berezi horretan bost postal bildu zituen, eta postal bakoitzak kantu bat deskargatzeko kodea zuen. Oraingoan, berriz, biniloaren aldeko hautua egin du, baina orain ere iraupen laburreko grabazioa lehenetsiz. Zenbat artistarekin ere lan egin du, besteak beste, We are Standard, Joseba Irazoki eta Napoka Hiriarekin.
Hurrengo proposamenean, urriaren 4an, Pez Limbo taldeak (Oier Guillanen testuarekin) hausnarketa bat egin nahi du Miss Karaoke lanaren bidez, umorea eta absurdua oinarri hartuta, jakiteko zerk definitzen dituen pertsonak edo nortasuna aukeratu ote daitekeen.
Urriaren 10ean, Beheko Larraine taldeak Atte hil aurretik lana aurkeztuko du, Maika Etxekoparren zuzendaritzapean.

Garaikidek halaber, ikasleentzako goizeko eskola-emankizunak eskainiko ditu urriaren 16an eta 17an. Vaivén Producciones taldeak Treblinkara azken trena obra taularatutako du.
Dantza garaikideko bigarren proposamena Idurre Azkue dantzariak eta Berako Joseba Irazoki musikariak aurkeztuko dute, urriaren 23an, astelehena, 19:30ean, Kondestable Civivoxaren Areto Gotikoan. Dantzagurea obraren oinarria dantzatzea bera da.

Zikloari amaiera emateko, Horman Poster taldeak Iragan perfektua performancea aurkeztuko du, urriaren 25ean, 19:30ean, Kondestable Civivoxaren Areto Gotikoan. 

Exit mobile version