Nontzeberri

Euskarazko antzerkiaren erronkak

Datorren larunbatean, maiatzaren 14an, BilbaoEszenak euskarazko antzerkiaren erronkei buruzko jardunaldia programatu du, Gure Hizkuntza Gure Oholtza titulupean.

Jardunaldia goizeko 11:30ean hasiko da, Xabi Paya Donostia 2016ren Kultura zuzendariarekin. Antzerkiko testua euskarara itzultzean kontuan izan beharreko alderdietan zentratuko da. Ondoren, 12:45ean, Patxo Telleriak, oholtzan funtzionatuko duen euskaraz idatzitako testua idazteko orduan kontuan izan beharreko gakoak emateko ahalegina egingo du.

Arratsaldean gogoeta eta esperientzien trukaketa egiteko Eneritz Artetxe antzezle eta antzerki irakaslea, Mikel Martínez antzezlea, Agurtzane Intxaurraga antzezle eta Hika Teatroko zuzendaria eta Gaizka Sarasola bilduko dira mahai baten bueltan.

Saioaren helburua, “lengoaiari eta hizkuntzak eragin ditzakeen aukerei eta mugei arreta berezia eskaintzea da, zelan baldintzatzen duen oholtza gaineko bizikidetza geografia elebidunean, edo beste baten mende bizi den hizkuntza batean lan egiteak ze baldintza dituen”.

Euskaraz idatzitako antzerkiari buruzko hitzordu horien atzetik, Amoranteren kontzertuarekin amaituko da jardunaldia.

Exit mobile version