Euskal Antzezleen Batasunak (EAB) eta Artista Interpreteak Kudeaketa Elkarteak (AISGE), BilbaoEszenarekin elkarlanean, euskarazko antzerkiko testuen antzezpen ikastaroa atondu dute. Martxoaren 8an hasiko da eta 15 lagunek parte hartu ahalko dute. Izena emateko epea martxoaren 1ean amaituko da.
Ikastaroa BilbaoEszenaren instalazioetan egingo da, ostegunetan, 16:30etatik 19:30eara, ekainaren amaierara arte. Iñaki Ziarrusta antzezle, zuzendari, eszenografo eta itzultzailea arduratuko da ikastaroaz. 20 urtetik gorako eskarmentua duen aditua da Ziarrusta.
Tailerraren helburua euskarazko antzerki testuak ontzea da, “antzerkia euskaraz egin beharrean, euskal antzerkia egitea”. Horretarako, komunikazioaren ezaugarriak eta eraginkortasuna landuko dira, antzerki testua eszenaratu ahal izateko.
Tailerra ikastaro praktiko gisa planteatzen da, eta bertan ikasle guztien proposamenak eta ekarpenak aintzat hartuko dira. Partaideak euskaldunak edo euskararen nolabaiteko ezagutza duten pertsonak izan daitezke, euren lanean euskarazko testuren bat antzeztu beharra izan dezakete eta.
Prestakuntza ekimen honen xehetasun guztiak Euskal Aktoreen Batasunaren webgunean duzue.
