Azaroaren 9tik 15era, Iruñaldia jaialdiak bere ateak zabalduko ditu Iruñeko espazio ezberdinetan (Gayarre Antzokia, Karrikiri, Elkar, Katakrak, Condestable, Laba, Baluarte, Geltoki eta Udaletxe Plaza) literatura, antzerki, zirku, musika, dantza, ikus-entzunezko, performance eta abarrez gozatzeko.
Ikusten denez, diziplina aniztasuna izango da nagusi, eta horretaz gain, belaunaldien arteko elkarrizketa sustatuko da, “euskal kulturako erreferente handien jakituria eta ibilbidea sortzaile berrien ahots ausart eta freskoekin elkartuz”.
Egun horietan guztietan makina bat sortzaile izango dira jaialdian, tartean, Olaia Inziarte, Mursego, Joseba Irazoki, Zirkozaurre, Josu Goikoetxea, Iñaki Salvador, Oreka Tx, Edu Muruamendiaraz, Piszifaktoria ideien laborategia, ….. eta abar.
Lehen igande honetan Zirkozaurre konpainiaren Harreman sorkuntza izango da ikusgai. Bertan zirkua eta euskal musika tradizionala uztarturik agertuko dira.
Sormen garaikidearen aste honetan “zirkuko malabaristek lehenbiziko bola jaurtiko dute zerura. Dantzaren mugimendu zoroek babesleku bat sortuko dute. Hitzen ironiak bidea alaituko digu. Lekeitio esperimentazioaren sinonimo bihurtuko den lekuan, Ikimilikiliklik aldarrikatuko dugu zerumugan. Azkenik, Ibili hadi argi kantatuko du Olaia Inziartek abialdiaren bukaeran. Iruñaldia badabil. Bidea bidean bide”.
