Etxepare Euskal Institutuak euskaraz idatzitako literatura nazioartean sustatzeko ahalegin handia egiten du. Hala, 2022an atzerrian sustatzeko aproposak izan daitezkeen literatura lanen laginak proposatzeko deialdi bat kaleratu du.
Deialdi honen xedea da “jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obren laginak atzerriko hizkuntzetara itzultzeko proposatzea, obra horiek nazioartean sustatzeko xede nagusiarekin bat eginez”. Aipatutako laginak ingelesera edo frantsesera itzuli beharko dira eta ez dira izango liburuaren %15 baino luzeagoak.
Etxepare Euskal Institutuak gehienez ere 8.000 euro bideratuko ditu proposatutako laginak itzuli ahal izateko.
Literatura-lanak bete beharreko baldintzak honakoak dira: jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutakoa izan behar du; lanaren egileak gutxienez bi lan literario izan beharko ditu argitaratuta eta horietako bat gutxienez euskara ez beste hizkuntza batera itzuli eta argitaratuta.
Idazleek, argitaletxeek edo agenteek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak.
Etxepare Euskal Institutuak ditu jakingarri guztiak.