Nontzeberri

Euskaraz barre egiteko, “Irriziklo”

Iruñeko euskarazko umore zikloa, Irriziklo, martxoaren 3tik 29ra egingo da Nafarroako Antzerki Eskolan. Guztira lau emanaldi antolatu dira.

Lehen egunean, martxoaren 3an, Antton Telleriaren txanda izango da Nekatutak piezarekin. Hor, honelakoak azalduko ditu sortzaile euskaldunak: “Bada jendea, etengabe bromak egiten aritzearen poderioz, sinesgarritasuna galtzen duena. Kasu horren adibide garbia da Antton Telleria Lopetegi (Wisconsin, 1865). Kontua da Anttonen helburua ez dela sinesgarri izatea. Horretarako daude kazetariak (karkarkar). Anttonek nahi duena da inguruan duen jendeak barre egitea. Modu horretan konfiantza sentitzen baitu. Eta konfiantza oso gauza ona da. Hori bai, barreek ez ezik, diruak ere ematen dio konfiantza. Horregatik hasi da monologoak egiten: konfiantza apur bat eta diru mordo bat irabazteko. Izan ere, pobre bizitzeko… horretarako daude kazetariak. (…) Barre eginarazteko helburu bakar eta sakratuarekin, delikatuak izan daitezkeen zenbait kolektibo aipatuko ditu: psikologoak, ETA, Ertzaintza… eta, nola ez, polemikoenak: irakasleak”.

Martxoaren 9an, Inprofestakzioa izeneko pieza egingo dute Xabier Flamarike, Garazi San Martín eta Xabier Artieda bertsolariek, eta ikusleek proposatutako gaiekin jolasean ibiliko dira.

Martxoaren 22an, Jon Plazaolaren Irabazi monologoa antolatu da. Badakizue, parte hartzea da garrantzitsuena. “Esaldi hori buruan sartu zigunak gezur galanta sinestarazi nahi izan zigun. Gaur egungo gizartea konpetitiboa, krudela eta fidakaitza da; ia edozertarako prest gaude ondoan dagoena zanpatu eta arratoi lasterketa honetan edonoren gainetik geratzeko gazta puxka mixerable baten truke. Irabaztea da helburua. Irabazi ala hil”.

Zikloa martxoaren 29an amaituko da Beatriz Egizabalen Magma mia! bakarrizketarekin. “Haserre nago, sutan nago, irakiten nago… Presio gehiegi eta zulo guztiak itxita mantentzeko hezi naute. Sumendia lehertzear dago…Magma mía!!!”

Exit mobile version