Nontzeberri

“Euskararen Etxea, plazara” erakusketa ibiltaria Leioako Campusean

Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Euskararen Etxea, plazara erakusketa ibiltariak Leioako EHUren Bizkaiko Campusean abiatu du bere bidea, eta bertan izango da ikusgai azaroaren 29ra arte.

Erakusketaren bidez, Euskararen Etxeak bere edukien lagin txiki bat aurkeztu nahi du, “eta herritarrak bere egoitzara hurbiltzera gonbidatu nahi ditu, bisita esperimentala eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgildu daitezen”. Ekimenaren helburua da euskara bera ezagutzea, izan ere, “antzinako hizkuntza izateaz gain, gaztea, zirraragarria eta eraikitzen ari den hizkuntza dela ezagutaraztea, eta baita munduko hizkuntza-aniztasunaren parte dela ere nabarmentzea.”

Erakusketak denetarik bildu du hala nola, euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten duten datuak eta etorkizunerako erronkak, euskararen historiako pertsonaia eta gertaerak, euskal kulturaren aberastasuna,…. Gainera, bere ibilaldi horretan tokian tokiko ezaugarri eta datuak ere erakutsiko ditu. Adibidez, Euskal Herriko Unibertsitateak euskarari buruzko hainbat datu ikus daitezkeen erakusketan.
Horretaz gainera, bisitariek haien testigantzak ere utzi ahalko dituzte euskararekin duten harremanaz.

Erakusketak ere lekua egin dio Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak bultzatutako Gaitu euskara irakasteko proiektuari.

Europako hizkuntza zirraragarrienetako bat, hots, euskara, ardatz duen zentro ireki, dinamiko eta parte-hartzailea da Euskararen Interpretazio Zentroa. Euskara da oraindik bizirik dirauen Europako hizkuntza indigena bakarrenetakoa eta oso balio espezifikoei lotutako historia luzea du.

Erakusketak ez du arreta hizkuntzan jartzen, pertsonengan baizik. “Hizkuntzak hiztunen ezpainetan baino ez dira bizi eta existitzen. Erabilera eta transmisioa dira hizkuntzen iraupenaren gakoak, horregatik Euskararen Etxeak espazio garrantzitsua eskaintzen die euskara bizi duten pertsonen testigantzei. Eta proposatzen duen begirada ere berritzailea da, etorkizunaz hitz egiten baitu. Etengabe aldatzen ari den erakusketa da, hizkuntzaren bizi-indarrari buruzko datu berriekin elikatzen delako”.

Euskararen Etxea, plazara erakusketa, hain zuzen, Euskararen Interpretazio Zentrotik abiatutako ekimena da, euskararen bizitasuna eta aniztasuna ahalik eta leku gehienetara irits daitezen.

Exit mobile version