Nontzeberri

“Euskara Jendea” dokumentalaren aurre-aurkezpena

Joan den astean aurkeztu zen Maule-Lextarren Euskara Jendea dokumentalaren lehen atala, Historiaren Atarian izenekoa. Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteek ekoiztutako dokumental-sorta honetan, gure hizkuntzaren historiaz, gure historiaren hizkuntzaz egiten da berba. Urriaren 11n, Erromako Inperioan izeneko bigarren atala proiektatu zuten Gasteizko Artium museoan.

40-50 minutuko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lan honen bidez, publiko zabal bati aurkeztu nahi zaio euskararen eta bere herriaren historia. Euskara Jendea egitasmoak, Xamarrek 2006an Pamiela etxean argitaratutako izenburu bereko liburua du abiapuntu.

2013ko Durangoko Azokan ofizialki aurkeztu baino lehen, egileek Euskal Herriko probintzi ezberdinetan atal baten estreinaldia egin nahi izango dute.

Hala, urriaren 17an eta 18an, Aniztasunaren bidean eta Mugetan gaindi ikusi ahal izango dira Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan eta Baionako Euskal Museoan, hurrenez hurren. Gerren arteko berpizkundea eta Mundua osatzen, Donostiako San Telmo museoan eta Bilboko Kafe Antzokian ikusgai egongo dira, urriaren 19an, 19:00etan, eta 25ean, 19:00etan.

Exit mobile version