Loraldia Festibalean, Kontrapas: Euskara, jalgi hadi plazara! izeneko pieza ikusgai izango da gaur, hilak 24, Bilboko Kafe Antzokian, 19:30etik aurrera. Bertan honako sortzaile hauek hartuko dute parte: Patxi Zubizarreta, Danserie Ensemble, Imanol Epelde eta Mintxo Cemillán.
Loraldia Festibalaren barruan aurkeztuko den proposamen eszeniko berezia da gaurkoa: “Bernart Etxepareren kantu gogoangarriaren haritik, gaurko Euskal Herriaren testuingurua eta erronkak mahaigaineratzen ditu, eta horretarako lau lengoaia artistiko elkartzen ditu (hitzaren gidaritza, antzinako musika, rap bidezko eguneraketa eta pintura zuzenean), plaza berritu baten irudi kolektiboa sortzeko”.
Diogun moduan, lau lengoaia hibridatuko dira eszenan: musika, rapa, literatura eta pintura. “Danserie Ensemble antzinako musika taldeak Etxepareren kantaita ekarriko du; Imanol Epeldek, indarrez eta rap moldean, eguneratuko du deiadarra; Patxi Zubizarreta idazleak aurkezle eta hari-jostun lana egingo du, lehengo eta oraingo euskaltzaleen ahalegina goraipatzeko; eta Mintxo Cemillán pintoreak, musikarekin batera, zuzenean margotuko du.
