Nontzeberri

“Euskara ibiltaria” erakusketa Beasainen

Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) hobeto ezagutarazteko, maiatzaren 28tik ekainaren 5era bitartean, Beasaingo Igartza Jauregian, Euskara ibiltaria erakusketa ikusgai izango da.

Maiatzaren 28an inaugurazio bikoitza izango da: goizean, Beasaingo ikastetxeetako ikasleei zuzendutakoa , non Aritz Abaroa eta Amaia Jauregizar EHHAko teknikariek bi hitzaldi didaktiko eskainiko dizkieten; eta arratsaldean, aldiz, inaugurazio ekitaldi nagusia.

Arratsaldean, 18:00etan, erakusketaren inaugurazio ofiziala egingo da, eta  horren ondoren, 19:00etan,  ekitaldi nagusia izango da. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoak eta Xarles Videgain EHHAren arduradun teknikoak parte hartuko dute.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) “ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia”.

Exit mobile version