Sei kontzertu akustiko antolatu ditu Euskaltzaindiak urrian eta azaroan, Astelehen Buruzuriak titulupean. Gaur, urriak 30, Inun kantariaren txanda izango da.
Urriaren 9an izan zena lehena, Aitor Gorosabel eta Xabi Bastidarekin; urriaren 16an bigarrena, La Basu eta Maisharekin; urriaren 23an, Anariren txanda izan zen; eta Inunen ondoan, azaroaren 6an, Gorka Urbizuk joko du eta 13an, Niko Etxartek eskainiko du kontzertua. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 18:30etik aurrera egongo dira salgai (5 euroan).
Da Nola izeneko diskoko lanak haizatuko ditu Inun zornotzarrak (Mikel Inunziaga, Zornotza, 1983). Berreginez izeneko lanarekin salto egin zuen euskal musikaren paradisura, eta asko txundituta utzi zituen berak daukan ahotsa eta gitarrak jotzeko duen magia direla medio.
Estreinako disko hartan pop estiloko hamaika kanta eskaini zituen, eta bakar bakarrik grabaturiko diskoan, Inun-ek looper-a, danbor elektronikoa eta oihartzun ezberdinak egiten zituen pedal bat erabili zituen. Azken lanean “bandarekin aritzea deliberatu dut, lan honek hala eskatzen zidalako”. Modu horretan, bandarekin arituko da diskoa aurkezteko kontzertuetan, grabatu ere horrela egin baitu: Dani Tomas, Bihotz Gorospe, Argibel Euba eta Ekain Alzola musikariekin.
“Formari erreparatu nahi izan diot, egiteko moduari ematen diot garrantzia. Poema eta melodia uztartzen erabili dut energia handia, eta engranaje hori da kantaren funtsa. Modua da garrantzitsua lan honetan, eta hortik dator titulua; Karmel Igartuak eginiko poema batetik atera dut”. Hortaz, diskoak bederatzi kantu dakartza, guztietan berak jarri du musika, baina letrak euskal poetenak dira. Hala, Karmele Igartua, Jon Mirande, Jon Arano, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe, Bernardo Atxaga eta Castillo Suarezen olerkiak soinu ederrez jantzi ditu Inunek.