Nontzeberri

“Euskalia”, Mikel Alvarez Sarriegi gidoigilearen lehen nobela

Literaturan estreinatu da Mikel Alvarez Sarriegi gidoigilea “Euskalia” eleberriarekin. Elkar argitaletxearen eskutik eta XXI. Agustin Zubikarai bekari esker, zientzia fikziozko istorio jostagarri, lotsagabe eta zirikatzailea ondu du oraingoan ikus-entzunezkoen unibertsotik jauzia emanda.

“XXIII. mendean euskaldunek gidatzen dituzte unibertsoko hamaika galaxiak, ehunka merindade eta milaka planetak, eta inoiz, inon ezagutu gabeko zorion eta ongizate maila gozatzen dute bertako biztanleek… Alabaina, beti dago matxinkontra petralen bat”.

Lan honek hango eta hemengo film, telesail edota komiki ezagunei hamaika keinu eginez, irakurleari irria pizteko beste hainbat erreferentzia eta adarjotze baliatzen ditu. Hala ere, “nobela beltzaren ukitua ere badu”, Alvarezek argitu duenez.

Mikel Alvarez Sarriegi (Beasain, 1982), soziologia eta ikus-entzunezkoak ikasitakoa, Bira Produkzioak ekoiztetxean ari da azken urteetan. Bere lanen artean ditu, besteak beste, Altsasu (2020) telesaileko gidoia; edota 2022an zuzendutako bi film: Azken dantza maisua dokumentala, eta Mundu berri bat film laburra.

Kaleratu berri duen bere lehen literatura lana, eskuragarri dago liburudendetan edota Elkar argitaletxearen web atarian.

Exit mobile version