Lekeitioko kaleak antzerkiarekin beteko dira egun hauetan, baina eszenarako ondu den Kaleka-ren programazioaren barruan ere, bestelako kontu paralelo asko bildu nahi izan dituzte antolatzaileek. Hortaz, zinema ere presente egongo da, eta kasu honetan, Euskal Zine Bileran azken 4 urtetako saridun suertatu diren lanen lagina pantailaratuko da, igandean, uztailak 10, 22:00etan, Uribarren parkean.
Euskal Zine Bilera euskara hutsean egiten den zinemaldi bakarra da. 70. hamarkadan abiatu zuen bere bidea eta orain, Lekeitioko Udalak euskara hutsean egiten den 39. Euskal Zine Bilera antolatzeari ekin dio, eta 2016ko edizioan parte-hartzeko oinarriak ikusgai daude. Lanak aurkezteko epea uztailaren 31n amaituko da.
Aurten data aldaketa izango da ekimenean, izan ere, Euskal Zine Bilera hilabete aurreratu dute antolatzaileek eta hala, urriaren 16tik 23ra bitartean ospatuko da. Ohikoa denez, lanak derrigorrez euskarazkoak izango dira, eta ez dira 30 minututik gora izango. Film onenak 1900 euroko saria jasoko du.
Euskal Zine Bilera euskal zinemagintzaren bilgune bilakatu da. Bertan dago Euskal Zinemaren Begirada espazioa, euskal ikus entzunezkoen munduko ekimen edo norbanakoei aitorpena egiteko, edota Benito Ansola beka. Beka hau Euskaltzaleen Topaguneak berreskuratu du euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzan sustapena emateko asmoz. Hortaz, aurten, Lekeitioko Udala eta Euskal Zine Bilerarekin batera, EHUren Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, hurrengo edizioa antolatuko da.
