Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa bikoteak Sustraien Matxinada (Elkar) disko berriaren aurkezpena egin dute gaur, Donostian. Bertan, euskal tradizioari arketipikoki lotuta dauden akordeoia eta txistuarekin unibertso aitzindariak jorratu dituzte. Jada mundu mailan musikaren mitoa diren Carles Benavent eta Tino di Geraldo baxu eta bateria-jotzaileekin grabatu dute diskoa.
Lan horretan jorratutako errepertorioa azken urteetan mundu mailako akordeoiaren erreferente bihurtu den Gorka Hermosak konposatu du. Bere azken konposizioa Berliner Philarmoniker-en eta Brandenburgoko atearen aurrean estreinatu zuen pasa den maiatzean. CIA IMC-UNESCO konposizio saria eta urteko akordeoirako konposizio onenaren saria lau aldiz jaso du. Azken urteetan bere orkestrarako konposizioek 45 orkestra baino gehiagok interpretatu dituzte (AEB, Korea, Txina, Brasil, Turkia eta Europan).
Garikoitz Mendizabalen txistuak sustrai sakoneko soinua dakar errepertorio honetara. Garikoitzek bere instrumentua irauli du bere birtuosismo itzelarekin. Bere azken diskoa Euskadiko Orkestrarekin bakarlari gisa grabatu du, berarentzat bereziki konposatutako obrekin.
Disko hau grabatzeko bi musikari erraldoi aukeratu dituzte: Carles Benavent eta Tino di Geraldo eta hala, Sustraien Matxinada diskoan, euskal folklorearen, jazzaren eta musika klasikoaren arteko ekidistantzia zaindua mantenduz, euskal erritmo eta doinuen kutsua, jazzaren askatasuna eta musika klasikoaren konposizio prozesuen konplexutasuna uztartu dituzte.
Lan berri hori ezagutzera emateko, Gasteizko Antzina Folk edo Bilboko Loraldia jaialdietan izango dira, baina, horren aurretik, Zumarragako Antion kontzertua egingo dute irailaren 23an.