BERRIA egunkariak plataforma berri bat jarriko du martxan abenduaren 5ean; euskarazko musika guztia bilduko duen plataforma bat: Musika Berria. Bertan musikariek eta musika taldeek modu autonomoan kudeatu ahal izango dute euren edukia: kantuak, argazkiak, bideoak, kontzertuei lotutako informazioa, ….
Dakizuenez 2009an jarri zuen martxan Badok.eus ataria BERRIAk, “euskal musika guztia bildu eta ezagutarazteko asmoarekin. Ordutik hona aurrera urratsak egiten joan da proiektua, eta orain arteko jauzi handiena emango du aste gutxi batzuk barru: Musika Berriak hartuko dio lekukoa.”
Durangoko Azokako egitarauaren barruan, abenduaren 5ean, aurkeztuko dute Musika Berria ofizialki eta ordutik aurrera egongo da edonorentzat eskuragarri.
Gainera, baliabide horrek zerbitzari-azpiegitura propioa izango du, Euskal Herrian kokatuta egongo dena, eta ez multinazional baten lainoan. Doakoa eta irekia izango da plataforma, baina funtzio aurreratuak erabili ahal izateko beharrezkoa izango da erregistratzea.
Diogun moduan, abenduaren 5ean, Plataformaren aurkezpen xehearekin batera, egun osoko egitaraua ere izango da Durangoko Azokan. Kontzertuak, diskoen azalen gaineko tailer bat, mahai inguru bat eta beste egingo dituzte, eta hilaren 7an, astelehenean, Musika Berria kontzertua ere izango da Plateruenan, eta bertan, Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeek parte hartuko dute.
