Nontzeberri

Euskal literaturen inguruko ekimenak, Iruñean

Karrikiri elkarteak eta dendak egunotan egingo ditu hainbat liburu aurkezpen eta ekitaldi, zehazki, abenduaren 19 eta 20ean.

Ostegunean izango da lehen ekitaldia, eta hor, Miren Amurizak idaztitako Pleibak lanaren aurkezpen berezia antolatu da. Elkar argitaletxearen ohar honetan Pleibak lana ondo deskribatzen da: “Nerabe paisaia rural-poligonero bat, institutuko korridore atenporalak, Morora busean jaistea eta belodromora motorrean igotzea, Hemendik At, Chenoa, Su Ta, lokaleko maromoak eta txosnetako Goi Gerlariak, Largo eta Beda Agarreko sukaldean, erantzun gabeko perdidak, behor hezurrak, istripu bat.
Umezaroa elkarren itzalean zabuka igaro ostean, gaur da eguna kalean gurutzatu eta batak bestea ignoratzen dutena. Distantzia horrek sorrarazten dion amorrazio retroaktiboak sakatuta zuzentzen zaio Jone Pollyri; neskatotan, ahoak nola-hala estali eta eskugaina eskugainaren kontra igurtziaz musukatzen zuen txaleteko bizilagunari.
Ezer gertatu ez zenean gertatu zen guztia jasotzen du Miren Amurizaren bigarren nobelak, egonezin primario bat, partekatua izan zen bide baten adarkatzea. Sasoi baten erretratua da kontakizun hau, belaunaldi bat ordezkatzen duten erreferentzia ugarirekin eta zikinak jandako hizkuntza batekin eraikia”.
Aurkezpena bertso-saio literarioa izango da, eta Laban egingo da, 19:00etan hasita. Bertako musika Miren Narbaiza Micek jarriko du, eta kantuan Saioa Alkaiza eta Nerea Ibarzabal bertsolariak arituko dira. Miren Amurizak Pleibak lanaren testuak irakurriko ditu.

Eta hurrengo egunean, Bernart Etxepare: Linguae Vasconum Primitiae liburuaren eta CDaren aurkezpena egingo du Koldo Azkonak (Danserie Ensemble musika taldea), Zaldiko Maldiko Elkartean, 19:30ean hasita.

Exit mobile version