Amorebieta-Etxanoko Udalak Santiago Onaindia Ikerketa Bekaren 19. ediziorako deialdia egiten du, euskal literaturaren arloko ikerketa sustatzeko. Dokumentazioa aurkezteko epea urriaren 17an amaituko da, eta bekaren zuzkidura 12.000 €-koa izango da.
Banaka nahiz taldean aurkeztutako proiektuak izan daitezke hautagai. Bigarren kasu horretan, proiektuaren zuzendari-arduraduna izendatuko da, taldearen ordezkari izan dadin. Beka emateko baldintzak bete ezean edo aurreko deialdiren bati dagokion lana amaiturik entregatu ez bada, eskabide horien arduradunak ez du izango hurrengo beka-deialdietara aurkezterik, egoera argitu bitartean.
Originalak eta lehenago argitaratu gabeak izango dira. Euskal literaturaren alorreko ikerketa-lan hauek euskaraz aurkeztuko dira.
Lana gauzatzeko epea, gehien jota, 18 hilabetekoa izango da, esleitu eta onartzen denetik zenbatzen hasita.
Beste aldetik, lanaren jabea egilea izango da. Amorebieta-Etxanoko Udalak beretzat gordeko du ikerketa-lanaren argitalpen osoa edo zatikakoa egiteko lehenengo eskubidea. Horrela eginez gero, bekadunak uko egingo dio egile eskubideak jasotzeari.
Jakingarri guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.