Euskal komikiaren zaleek zita garrantzitsua izango dute azaroan Hernanin, aurten ere euskarazko komikiaren erdigune bihurtuko delako Hernanikomik-ri esker. Hauxe da Euskal Herri osoan euskara hutsezko komikigintzari bideratuta dagoen azoka bakarra.
Azaroaren 21 eta 22an ospatuko da IV. Hernanikomik, Udalak eta hainbat komikizaleren arteko elkarlanak bultzatuta. Aitor Huizi Kultura zinegotziak adierazi duenez, “Durangoko Azoka izan ohi da euskal literaturaren urteko erakusleiho garrantzitsuena; haren aurretik, euskal komikigintzaren uzta bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hernaniarrok eta Hernanira hurbiltzen direnek”.
Hernanikomik-en ere, urtero, euskal komikigintzan egindako ibilbidea saritzeko Joseph Camino saria ematen da. Aurtengoan, Jose Angel Lopetegi “Lopek” jasoko du. Ipurbeltzen aritutakoa da, eta Gabairen atzean ere badago bere eskua. Horrez gain, marrazki bizidunen arloan ere aritutakoa da: Kalabaza Tripontzia, Lazkao Txiki, Txirrita edota Karramarro Uhartean.
Aurtengoan, bederatzi komiki-aurkezpen izango dira azokak irauten duen bi egunetan zehar, arratsaldeetan: Antzuolako alardea (Xabier Sagasta); Udalbiltzaren Geuretik Sortuak (Uxue Bereziartua, Usue Egia, Gaston, Eneritz Ibarra eta Patrizia Etxegarai); Linbo Planeta (Dejabu eta Paula Estevez); Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa (Marko eta Philip Charlot); Kontua eta zikina (Eneko eta Ibai Iztueta, eta Aritz Vieites); Kateriñe (Maitena Illarramendi eta Iñigo Sarasola); Azken afaria (Beñat eta Unai Gaztelumendi); Medium (Martin eta Xabier Etxeberria) eta Maurizia: Biziminaren hotsa (Garbiñe Ubeda eta Garluk). Garbiñe Ubeda, Iñaki Otamendi eta Iratxe Retolaza ariko dira aurkezle lanetan.
