Nontzeberri

Euskal Herriko praktika artistikoei buruzko hausnarketa, Artiumen

Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, Beatriz Herraez eta Enrique Martinez Goikoetxeak komisariaturiko Juan Luis Moraza. Gordailua 1987-1988 Depósito izeneko erakusketa abiatuko du abuztuaren 30era arte. Proposamen berri honek XX. mendeko azken laurdeneko Euskal Herriko praktika artistikoei buruzko hausnarketa egin nahi du, eta bertan, Juan Luis Morazaren oso ezagunak ez diren 60 lan baino gehiago aurkezten dira, bai eta diagrama, marrazki, testu eta bibliografia ugari ere.

Artiumek bideratuko duen programazioa hausnarketa batekin hasiko da aurten, Euskal Herrian laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan gertatutako praktika artistiko eta kulturalei buruzkoa, hain zuzen ere. Eta horretarako, Juan Luis Moraza (Gasteiz, 1960) artistaren lanen bilduma ia ezezaguna nabarmendu nahi izan du, izan ere, “azterketarako duen gaitasun egiaztatuagatik eta artearen jardunaren sorburu diren inguruabar sozial, politiko eta kulturalak ulertzeko premiak bultzatuta lantzen dituen era guztietako gaiengatik, Juan Luis Moraza funtsezkoa da Euskal Herriko garai historikoa eta hark beste testuinguru artistiko eta kultural batzuekin dituen harremanak ulertzeko”.

Artelan gehienak ez dira inoiz erakutsi, eta Morazak artearen pentsalari eta teoriko gisa duen profila azpimarratzen duen material ugari ere (marrazkiak, diagramak, testuak eta bestelako objektuak) ikusleen aurrean paratuko da.

Exit mobile version