Abenduaren 30ean, eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an, Euskal Herriko Gazte Orkestrak neguko topaketa bat egingo du Euskal Herriko hainbat hiritan. Gaur berton Tolosan izango da, eta gero Donostia, Gasteiz eta Bilbo bisitatuko ditu.
Kontzertu hauetan, EGOk “irizpide historizisten arabera interpretatuko du XIX. mendeaz aurretiko musika, lehen aldiz. Programak lau obra biltzen ditu, mende beteko tartea betetzen dutenak ia, 1670etik 1765era bitartekoa; obra horiek Frantzia, Austria, Italia eta Ingalaterran lantzen zen barroko europarreko musika-estiloari lotuko gaituzte. Erabilitako material musikalaren bidez, dantzara eta erritmo herrikoietara hurbilduko gara, eta guduen eta erregearen omenezko ur festen moduko kontraste handiko errealitateen oihartzunak entzungo ditugu. Musikariek askotariko prozedurak edo teknikak erabiliko dituzte, gainera; hala nola pizzicatoa eta col legoa, harietan, edo Barrokoko formula kuttunetako bat: soinu-kontrasteak. Ezinbesteko hurbilketa izango da biharko profesionalentzat, eta opari aparta, gaur egungo publikoarentzat”.
Hortaz, gaur berton, Tolosako Leidor antzokia duzue lehen kontzertua, 19:00etatik aurrera.
Jakingarri guztiak: EGO
