Joan den asteazkenean, abenduak 14, Donostiako elkar aretoan, Pako Aristik, Xabier Insaustik eta Xabier Mendiguren editoreak Euskal Herria: Errealitatea eta Utopia liburua aurkeztu zuten.
Euskal Herriko Unibertsitateak 2011n Donostian ospatutako Udako Ikastaroetako ekarpenekin liburu guztiz gomendagarria osatu da, gure herriak aurrean daukan aldi berriari begira nondik gatozen, non gauden eta zer nahi dugun hausnartzeko eta nork bere ondorioak ateratzeko.
Jardunaldi haietatik, Pako Aristi (Azpeitia, 1963), Joxe Azurmendi (Zegama, 1941), Brian Currin (Hegoafrika, 1950), Xabier Insausti (koordinatzailea) (Gopegi, 1954), Juan Jose Ibarretxe (Laudio, 1957) eta Joseba Zulaika (Itziar, 1948) adituek, zer da Euskal Herria? eta zer nahi dugu izatea? bezalako galderen gainean hausnarketa egin dute.
Argitaletxeak bidalitako oharrean jasotzen denez, errealitatearen eta desiraren arteko joko dialektikoa gogorarazten digu izenburuak, baina egileak ez dira lainoetan ibili: proposamen ausartak edo meditazio sakonak eskaintzen dituzte, nork bere ikuspegitik. Pako Aristik alderdikraziaren kontrako salaketa egiten du, independentzia lortzeko estrategia eraginkor eta berehalako bat eskatzeaz batera. Joxe Azurmendik bereizte mehe eta zehatza egiten digu puri-purian dauden hainbat kontzepturen gainean. Brian Currinek munduko beste bake-prozesu batzuetatik ateratako ikasbideak dakar. Juan Jose Ibarretxek etorkizunean demokraziak eskuratu behar dituen eremu berriak aldarrikatzen ditu. Joseba Zulaikak, azkenik, sorrerako ETAren espiritu kritiko eta hausnartzailea errebindikatzen du, eta Yoyesen figura goratzen, biolentzia politikoari (ere) uko egiteko eginkizunean.
Beste aldetik, gaur bertan, Jokin Zaitegi Saria jaso zuen Santi Leone itzultzaileak ondu duen Vargas Llosaren Pantaleon eta bisitariak lana ere aurkezten da.